Isabel Azkarateren mila eta bat gau… eta egun

Tarteka bidaiari ibilia dugu Isabel. Oraingo honetan, Turkiako zati bat erakutsiko digu.

Ekialdea eta Mendebaldea ikusi dituzte haren begiek eta kamerak: Amazonasetik Nepaleko bidezidorretara bidaiatua da, Balitik Andeetara eta Goi Lautadara, Brasilgo Sertaotik Afrikako basamortura, landa-eremutik hirira, herrixkatik metropolira (New York, New York; beste garai bat zen, bere bizitzaren beste aztarna bat).

Denetarik jaso du haren kamerak: lurrak, zeruak, mendiak, tristezia, harmonia, miseria, zapalkuntza, boterea, nostalgia, etsipenaren eta pobreziaren adierazpenak, haur baten barrea, agure baten dardara, eromena, infinitua, gaua, edertasuna, bizitza eta, batzuetan, heriotza, perspektibak, paisaia eta argia —argi asko—, itsasoa eta, beti, gizona, emakumea, haurra, agurea, indiarra, saltzailea, artistak, anbiguotasuna, trabestia eta munduko emakumerik ederrena… Erretinatik, zentzumenetatik eta argazkilariaren kamerako leiarretatik jaso ditu irudi eta argazki horiek, eta haien bidez finkatu.
Lanbideak eskatzen duen legez, beti temati, beti erne, beti adi, tinko…, argazki-kamera Isabel Azkarateren gorputzaren eta arimaren beste apendize bat bihurturik.

Oraingo honetan, Ekialde hurbileko zati bat erakusten digu, Turkia, Mendebaldearen dekadentzia eta nagusikeriaren mugaldean.
Erdi biluzik ibili ohi dira turista «aberatsak» Efesoko tenplu eta eremu sakratuetan, beren karikatura gisako jarrerak harroxko erakutsiz bertako langileei. Pobreak dira hango langileak, baina Ekialde magikoko arbasoetatik datorkien duintasunez eta dotoreziaz beteak.

Kameraren aurretik igarotzen dira urketaria, angurri-saltzailea, zapataria, postaria, alargunak (beltzez jantziak), te-saltzaileak eta perzkina… Agureak —adeitsu, oinutsik— meskitaren aurrean daude, atsedentsu… Jende gehiago ere igarotzen da: errementariak, jostun, bildumagilea eta sukaldariak, haurrak, marinelak, bizitzaren funtsa, alfonbra-saltzailea…

Ez da amaitu Isabel Azkarateren bidaia.

Juan Cruz Unzurrunzaga.
Kultura-sustatzailea, Donostiako Ekain galeriaren jabea.

Turkian bidaiari.
Gipuzkoako Argazkilari Elkartea.
1999ko azaroa.