Kutsidazu Bidea Isabel

Isabel Azkarateren argazkiak ezagutzen ditugunok, Isabelen lagun/biktima/objetibo/aitzaki/ harrapakina izan ohi garen gutako askok, ez dug argazki-albumik. Inoiz, inon, hor nonbait, hor noizbait, Isabelen modeloak (zelako atrebimendua gurea hori idaztea ere!) Izan garenok ez dugu inolako photo book izaten.Isabel izan den lekuetara joan garen gutako franko ez dugu argazki kamerarik eraman. Isabel dagoen festa, guateque, happening-etan ez gara inoiz beste lagunen halamoduzko makinen aurrean jarri. Bera, Azkarate, da gure kamera. Bera gure memoria. Berak tentatuko gaitu arratsaldean behin, euripean behin, mozkorraldian behin, etxera eta hantxe, itsasoa testigu, zabalduko, barreiatuko dizkigu lurrean bizitza gurea, oroipen gureak, beldur gureak, desio gureak.

Dardarizo biziz hurbiltzen gara Isabelenera. Ikaraz irekitzen dugu luzatzen digun sobrea. Jakin badakigu eta gure bizitzari emandako hozkadaren islada aurkeztuko digula. Eta guk sarri, maíz, askotan, ez dugu bizitza puska horren oroigarririk nahi. Beldurra diogu memoriak dakarren, ekarriko duen, sofrikarioari. Beldurra, izan garena eta jada ez garena ikusteak sortuko duen ezinegonari. Beldurra, izan ez garen lekuetako berri zehatza izateak sortaraziko duen herriminari.

Dardarka hurbiltzen dugu begirada Isabelen lanetara jakin badakigulako berak badakiela. Jakin badakigulako bere kamerak ikusi duela. Jakin badakigulako guk izan nahi ez genuen oroimen hori berak gorde duela…

Isabel ioniza, ion, hor nonbait, hor noizbait lekuko izan dugunok ez dugu zertan zeremonia haren, instant horren, dantza honen, oroitzapenik gorde behar. Berak badu. Bera hor zeggen, ez izan hortaz inolako dudarik.

Ahaztuko gara gu ikusitakoaz.

Egindakoarekin ahazten saiatuko gara.

Ondoan izan genituen haiek ezabatu dira dagoenekoz gure bihotzean. Baina Isabelek badaki. Isabelek geldiarazi ditu uneak, guneak, jarrerak, harrerak, jazkerak, moldeak. Isabelek gorde ditu lekuak eta lekukoak. Guk ez dugu, ez, argazki-albumik. Guk ez dugu fotorik. Berak baditu. Horrexegatik, izu epelaz jasotzen ditugu berak bidalitako sobreak. Irekitzerakoan, iragana bihurtzen da oraina. Irekitzerakoan, gurengandik alde egin zuten horiek sartzen dira berririo gurean. Irekitzerakoan, instant batez gara izan ginena. Edo izaten amestu genuena.

Gutako askok ez dugu kamerarik. Ez dakigu kamerarik erabiltzen. Ezta behar ere. Isabel hor bada, zertan arituko gara gu gure ofizioa, gure debozioa, ez den zerbaitean? Hortxe Azkaratek eskeintzen digun segurantza: bera bada, izango gara gu, ez izan kezkarik. Hortxe Isabelen boterea: bera badago gu gaude. Izan garela ahaztuko dugu akaso baina izan ginelako berrri jasoko dugu hurrengoan. Gure bizitzaren pausoak, estropozoak ere, gordelzen ditu Azkaretek. Horrexegatik, inoiz, inon, zure burua galtzen baduzu, ez izan damurik, esaiozu lasai asko, Kutsidazu bidea, Isabel, et berak, zuk zapaldutako xenda barreiatuko dizu lurrean…

Begoña del Teso.
Idazlea eta kazetaria

20 urte 35 mm.tan
Erakusketa Donostiako Koldo Mitxelena Ganbaran 2002