Isabel Azkarate, argazkilaria

Donostian jaio zen, 1950ean, eta argazkilaritza ikasi zuen, 1970eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran, Bartzelonako Nazioarteko Argazkilaritza Zentroan eta New Yorkeko zenbait ikastegi ospetsutan; besteak beste, Visual Studies Workshopen (VSW), School of Visual Artsen (SVA), International Center of Photographyn (IPC) eta Manhattaneko The New Schoolen.
 
Euskadiko «kazetaritzako lehenbiziko argazkilari emakumezkotzat» jo izan dute. Sasoi hartan puri-purian zeuden zenbait gai sozial eta politikori buruzko erreportajeak eginez ekin zion fotokazetaritzari: Sendero Luminoso erakunde terroristaren atentatuak, 80ko hamarkadako «euskal gatazkaren» egunerokoak, emakume-taldeak eta «hiriko tribuak».
 
Bidaiazale amorratua izaki, erreportaje ugari egin zituen atzerrian ere: Brasilen, Balin, Egipton, Nepalen, Pakistanen eta Turkian, besteak beste, eta, batez ere, bere hiri gogokoenetako batean, New Yorken.
 
Hamarkada luze batez, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko argazkilari ofiziala izan zen, eta euskal jarduera kulturalaren lekuko aparta: kontzertuak, pertsonaia publikoak, nazioarteko eta bertako artista ezagunak…, denetarik jaso zuen Azkarateren kamerak.
 
Gipuzkoako Foru Aldundiko argazkilari ofiziala izan zen, eta zenbait egunkari eta aldizkaritako ohiko kolaboratzaile: El Diario Vasco, La Voz de Euskadi, El Periódico de Catalunya, El País, Interviú, Tiempo, Dunia, eta Mujer Hoy, besteak beste.
 
Egun, Donostian egitekoa den erakusketa antologiko bat ari da prestatzen Azkarate.