Kutxa Fundazioaren Fototekak Isabel Azkarate Morera argazkilariaren funtsa jaso du dohaintzan

Isabel Azkarate Moreraren funtsa dohaintzan ematea gertakizun handia da Kutxa Fundazioarentzat, gainera 2023 hau gure Fototekaren 50. urteurrena izanik, funts hau jasotzea imajina genezakeen oparirik onena da.

Hainbat arrazoirengatik uste dugu dohaintza hau oso baliotsua dela. Arrazoi nagusia Azkarateren obraren kalitatea da, haren begirada propioa, erretratatutako pertsonekiko enpatia eta hurbiltasuna, eta argazkigintzan izan zuen maisutasuna.

Kutxa Fundazioaren Fototekaren testuinguruan, haren ondarea zaintzeak emakume argazkilari baten lehen funtsa jasotzea dakar, gainera. Ekarpen hori funtsezkotzat jotzen dugu, eta emakume argazkilarien lana kontserbatzeko eta haren garrantzia nabarmentzeko konpromisoa hartzen dugu.

Isabel Azkarateren Funtsa ere oso esanguratsua da, gure historia hurbilean berebiziko garrantzia duen garai bat hartzen baitu, 80ko hamarkadatik gaur egun artekoa, eta orain arte gure artxiboan oso gutxi jasotako hamarkadak dira.

Kutxa Fundazioaren konpromisoa ondare handi horri eustea eta argazkilari handi honen lana zabaltzea da, eta norabide horretan, 2023ko azaroan, atzera begirako erakusketa handi bat aurkeztuko dugu Kutxa Kultur Artegunea aretoan, Tabakaleran. Bertan, Azkarateri eskainitako lehen liburu monografikoa aurkeztuko da, Kutxa Fundazioak, Blume-k eta Photographic Social Vision Fundazioak elkarrekin argitaratua.

Kutxa Fundaziotik Photographic Social Vision Fundazioaren lana eta eskuzabaltasuna eskertu nahi ditugu. Fundazio horrek Isabel Azkarate ordezkatzen du, eta haren obra kontserbatu, kudeatu eta zabaltzeaz arduratu da azken urteotan.

Link>