Zuri eta beltz

Isabel Azkarateri buruzko erakusketa bat eskatu digute KMKko Ganbara aretorako. Bere lana ezagutzen dugu; pasaporte moduko katalogoa pentsatu dugu. NY, Berlín, Benarés, Billabona, Ayacucho, El Cairo, Donostia, Bagdad, Ituren, Katmandú…

Baina horiek ez dira Isabel Azkarateren bidaiaren benetako izenak.
Bere karpeta eta artxiboak arakatu ditugu. Argazkiak nahastuz, zatiketa geografikoaren azpian, gizon-emakumeen geografia aurkitu dugu: begiratzen duen jendea, ihesi ezkutatzen den jendea, begiratzen uzten duen jendea, ikusia izateko premia duen jendea…

Lehenbizi gauzak gertatu diren, gertatzen diren, edo gerta litezkeen, tokiak aurkitu ditugu. Benetako eszenatokiak eta irudizkoak, paisaia natural eta artifizialak, askotan ez dakigu argi, kale eta antzokiak, dendak eta galeriak eta bideko zonaldeak. Berehala, emakumeak azaltzen dira. Samurtasun berezia dago, Isabel Azkaratek arreta bereziki samurra eskaintzen die emakumeei. Haien alboan, pertsonen harremanen espazioak, berriketarenak. Atzean, Isabelen lilura anbiguotasunarekiko, mozorroarekiko, izkutuan dagoena nabarmen azaltzeko: mozorroak, zer gara ba pertsonak, mozorroak ez bada. Eta azkenean, heriotza ikusten dugu: erailketak, zoramena, muga-mugako bakardadea, negarra.

Amaierako areto goxo batean, Isabelen autoerretratu batzuk. Inguruan, lagunen argazkiak, bidaideenak. 20 urte hauen zati bat dira 35 mmtan. Erakusketan daude isabelen begiradarik gordeenean daudelako.

Joxean Muñoz – Txabi Basterretxea (Tipula s.l.)
Erakusketaren arduradunak.

20 urte 35 mm.tan
Erakusketa Donostiako Koldo Mitxelena Ganbaran 2002